Usategiak
Etxalar zerbaitengatik ezaguna bada, usategiengatik da ezaguna. Bertan, XV. mendetik dokumentatua eta mantendutako ehiza sistema primitiboa erabiltzen da, sare bidezko ehiza sistema tradizionala. Nahiz eta penintsula osoan ehiza mota hau debekatua egon, Etxalarren mantendu egin da, batez ere tradizioak duen garrantziagatik eta herrian oso errotua dagoelako.
Bere historia zabalean zehar hamaika pasadizo eta kontakizunen hizpide izan dira usategiak, batetik usategiak berak sortzen zituen tirabirak zirelako eta bertzetik hauen kokapen bereziarengatik, Sara eta Etxalar herrien artean partekatuta baitaude Etxalarko usategiak. Gaur egun usategiak gure herriko ondarerik preziatuenetako bat da eta jendearen erakargarri.

Leku ezaguna
Etxalarko herria txikia izanik ere, nahiko ezaguna da, edo behinik behin aditua. Ehiztariez gainera, ia egunero uso denboraldian zehar, jende pila hurbiltzen da Usategietara, larunbata eta igandetan beti ere gehiago.
Oso ohikoa da Iarmendiko bide, bidaxka eta inguruetan, Lapurdi, Gipuzkoa, Nafarroa eta urrunagotik ere etorritako jendearekin topatzea.
Historian zehar, atzerriko eta inguruko egunkaritan eta idazleak, ehiza mota hau aipatua izan dute euren idatzietan. Azken urteotan inguruko telebista eta egunkarietan maiz agertzen dira Etxalarko Usategiak.
Bertatik mundu mailan ezagunak izan diren pertsonaiak egon izan dira; 1868an Napoleón enperadorea egon zen, Alfonso XII. behin baino gehiagotan joaten zen. Honen semea noiz behinka ere agertu izan zen.
Gaur egun pertsonai ezagunen artean, Migel Induraín etortzen da urtean behin bertan ehizatu eta eguna pasatzera.
Kokapena
Etxalarko usategiak, Mendikarri eta Atxuria mendien arteko mendi lepoan kokatua dago, Etxalar eta Sarako herrien tartean eta aldi berean Nafarroa eta Lapurdi arteko mugan, hain zuzen Iarmendi (509m) mendiko Txorilepo bezala ezaguna den mendi lepoan.
Denboraldia
Uso Pasa
Usoak sareekin harrapatzeko denboraldia urriaren 1ean hasten da eta azaroaren 20. egunaren inguruan bukatzen da, beti ere usoaren etorrera eta eguraldiaren arabera. Ipar Europako hotzetatik ihesian datozen hegazti hauek, Afrika dute helburu, bertako klima goxoan negua igarotzeko.
Uso pasa, sasoia aitzinera doan heinean, aldatzen joaten da. Urrian, sasoia hasten denean, lehendabiziko usoak multzo txikitan etortzen dira nahiko sakabanatuak. Tartean txoloma batzuk ere pasatzen dira.
Urria aurrera doan heinean, uso multzoak ugariagoak eta handiagoak izaten dira. Sasoi gehientsuenetan, urriko bigarrengo hamabostaldian pasatzen da uso kopuru eta multzo handienak.


Hilabete honetan, hasieran eta erdialdera batez ere, usoak ez dute inongo ordutegirik izaten eta edozein ordutan ikusi ditzakegu hegan. Azaroa partean berriz, uso pasa zeharo aldatzen da. Sasoiaren azkeneko zati honetan, normalki uso pasa goizeko lehen orduetan izaten da, nahiz eta aunitzetan eguerdian edota arratsaldez pasa eta harrapatu egiten diren. Uso sasoiak bukaerako egun seinalatu bat eduki arren, batzuetan lana egun batzuk luzatzen da, beti ere uso pasa eta eguraldiaren arabera.
Haizearen zerikusia: Haizeak, usoak harrapatzeko garaian, garrantzi handia edukitzen du. Sareekin usoak ehizatzeko egunik aproposena egun garbi bat da, iparreko edo ipar-ekialdeko haizerekin. Ekialdeko haizea ere ez zaio gaizki etortzen. Hegoko eta mendebaleko haizek berriz ez dira batere onak izaten. Hego haizea zakar dagoenean, sareak kendu behar izaten dituzte hauek ez puskatzeko. Haize honekin uso pasa dagoenean, usoek altuera handia hartzen dute eta usazaleentzat usoak jaistea zaila izaten da, are gehiago saretan sartzea.
Usoaren Harrapaketa
Usategi osoko edozein usazalek, bai trepan edo sareetan dagoena, uso bando bat ikusten badu, segituan oihu bat egiten du trapa nagusiko usazale nagusiari abisatzeko. Honek korneta jotzen du eta honela bertze usazale guztiak, eskopeta ehiztariak barne, usoak heldu direla ohartzen dira. Korneta behin jotzerakoan tiroak gelditzen dira eta sareen kargu dauden usazaleak beraien postuetan jartzen dira, sareak lurrera erortzen uzteko prest; orain trepen gaineko usazaleen ordua da.
Trapatako usazaleek makilak botatzen dituzte. Usoarentzat makil hauek hegazti harrapari baten itxura hartzen dute usazaleek botatzen dituztenean, miruaren hain zuzenki. Usoek hau ikusterakoan, babesteko, jaitsiera gogor bat egiten dute arbolen adaburuetan altueran hegan eginez babesteko. Jaisterakoan, usazaleak beraien txatarrak astintzen dituzte soinua eragiteko, usoek sareen norabidea har dezaten. Behin usoak sareen norabidea hartzen dutenean, bertan dauden usazaleen txanda da.




Hauek sareak botatzeko garaian, lehenago edo beranduago egiteko, kontutan eduki beharra duten gauza aunitzen artean zein tamainako bandoa den, edota ze haize mota dagoen. Usazaleak palankari eragiten dionean, sareak abiadura bizian jaisten dira bakoitzak bazterrean dituen berunezko pisu batzuk lagunduta. Segituan, usoak harrapatu badira edo ez, usazale nagusiak korneta bi aldiz joko du, sare inguruan dauden postutako ehiztariek tiro egiteko aukera dutela adierazteko.
Gainetik ikusita eta modu honetan kontatuta, badirudi sareekin ehizatzea erreza dela, baina ez da horrela. Ehizatzeko era honetan, egun askotan ez dira ehizatzeko kondiziorik hoberenak izaten; batzuetan usoak oso altu doaz, bertzetan berriz ez dute kasu zipitzik ere egiten jaurtitako paletei, edo haize hego zakarra dago edo lainoa, euria… Azkenean dnboraldian zehar usoak harrapatzeko saiakera ugari hutsean gelditzen dira. Honexegatik azpimarratu behar da ehiza mota honetan pazientziak eta esperientziak garrantzi handia dutela.

Historia
Usategiak noiz sortu ziren konfirmatzen duen agiri edo idatzirik ez da existitzen. Usategiei buruz agertzen den lehen aipamena 1378. urtekoa da eta Iruñeko Kontu Ganbaran dago. Honetaz aparte, 1487. urteko aipamen bat ageri da Etxalarko usategiei buruzkoa ere, Iruñeko apezpikutegiko auzi paperetan. Ehiza modalitate honi buruzko informazio agertzen den urteetatik, gaur egun arte, beti bertako jabeak, Gaztelua etxea eta Sarako herria izan dira.
Hauen aipamenak 300 urte baino zaharragoko idatzietan agertzen dira. 1812. urtetik aurrera Iguzkiagerrea etxea gehitu zitzaien Petrisantzena etxeari Elutsa sarearen eskubidea eta jabegoa erosi ondoren, horrek berarekin zekarren lur, tresneria eta abarrekin.
Mendeetan zehar bere kokapen bereziak, (Etxalar eta Sarako herrien arteko mugan daude), hainbat tira bira sortu ditu, usazaleek bertan ehizatzeko, urtero baimena lortu beharra baitzeukaten. Beste alde, Frantzia eta Espainia elkar arteko gerran izan ezik, bertze gerrate guztietan, Karlistena, bi gerra mundialetan eta zibilean, sareekin ehizatzen jarraitu zen.

Sarea
XIX. mendeko usategiari buruzko lehen idatzietan agertzen den bezala, garai haietan lau sare bakarrik jartzen ziren. Hauen jabeak Etxalartarrak eta Sarako herria ziren. Sarako herriak Errege edo Frantses gobernua ordezkatzen zuen eta beraien sareak Kalamua eta Monua ziren. Etxalarkoen aldetik bi etxe bereizten ziren, batetik Iguzkiagerrea etxea Elutsa sarearen jabea zena eta bertzetik Gaztelukoak, Miarra sarearen jabeak. XIX. mende bukaeratik aitzinera, Sarako herriak, bere sareak errentan jarri zituen. 1869an bosgarren sarea jarri zen; Fortuna izenekoa. Eta beranduago, 1920aren inguruan Lakaina izenekoa. Lehen, sareak, usategieta bertan egiten ziren Frantziatik eta Donostiatik ekarritako hariarekin eta hauen iraupena 8 eta 10 urte bitarteko izaten zen, konponketak eginda. Gaur egungoak berriz 10 bat urte jasan dezakete eta konponduta, urte batzuk gehiago ere.
Trepak
XIX. mendeko trapen kokapena gaur egundokoarekin konparatuz, ordukoa, askoz ere zabalagoa zen nolabait erranda, trapen artean osatzen zuten inbutu naturala, gaur egunekoa baino handiago zen (2 km-ko zabalera) 11 trapa edo ehiza lekuz osatua zegoen eta. Hauetako hiru, Abat-arri, Domikua eta Arrikua, 1971. urtean kendu zituzten, hauen atze-aldean den Gaztainlepoa, ehiztariez bete zenean. Orain leku honetan iparraldeko ehiztariak jartzen dira. Segidan garai haietan usazaleak erabiltzen zituzten trapa eta ehiza-lekuak:
- Abat-arri: Turuta eta txatarraz lan egiten zen
- Domikua: Txatarraz
- Arrikua: Txatarraz
- Larrekua: Korneta eta txatarrez
- Idoikua: Txatarra eta makilaz
- Belata: Txatarra eta makilaz
- Trapa: Korneta eta makilaz
- Trapagibela: Makilaz
- Haritzeko trapa:
- Gibel trapa: Makilaz
Trapa eta ehiza lekuen kokapena lehen. Denetara garai haietan 13 usazale egiten zuten lan; 4 pertsona sareetan, 3 trepetan goituak eta bertze 6ak ehiza lekuetan bananduak.
Ehiza kontuak
Ez usoak bakarrik
Lehen usoez aparte, sareekin tortoilak eta oilagorrak ehizatzen ziren. Azken hauek eguna argitzerakoan eta ilunabarretan harrapatzen ziren. Harrapaketak ez ziren handiak izaten; 1873. urtean 20 bat harrapatu zituzten. Tortoilak berriz kopuru handiagoetan harrapatzen ziren eta sasoi batzuetan usoak baino gehiago harrapatu izan ziren. Tortoila harrapaketaren errekorra, 1897. urtean dago 337 dozenekin. Hegazti hau ehizatzeko sasoia Ama Birjina egunean, abuztuak 15, hasten zen eta San Migel egunean, Irailak 29, bukatu. Erabiltzen ziren sareen laukitxoak, usoetan ibiltzen ziren sareenak baino txikiagoak ziren. 1925. urtetik aitzinera sareekin tortoilak harrapatzeaz utzi zen.
Denboraldia
Usoak ehizatzeko sasoia berriz, XIX. mendeko lehen urtetan San Migel egunean hasten zen, tortoila sasoia bukatzean, eta bukatu berriz San Martinetan, azaroak 11. Orduko harrapaketak gaur egungoak baino askoz ere ugariagoak izaten ziren nahiz azken bi mendetan gora behera franko eman. Harrapaketei dagokionez, bertako histori guztian urterik hoberenak 1933 eta 1955 bitartekoak izan ziren. Tarte honetako urte askotan mila dozenatik goitiko sasoi ugari izan ziren; 1400, 1500, 1600 dozenetako denboraldiak. 1950. urteko arratsalde batean 200 dozena harrapatu ziren. Garai oparo horien ondotik, harrapaketa kopurua eta ehiza, urritzen eta txikitzen joan da. Gaur egun 100 dozenetako sasoia oso ontzat hartzen da eta baita gutxiagokoa ere.
Usazaleen soldata
Soldatari dagokionez ez zuten gaur egun bezala ordainsari ttiki bat. Lehen, harrapatzen zena edo hau saldutakoan bildutako dirua, banatzen zen. Banaketa egiterako garaian, araudi bat izaten zen, beti ere usazale bakoitzaren lanaren eta esperientziaren arabera. Urteak aurrera joan ahala, banaketa gero eta parekatuagoak egiten ziren. 1970 aitzinera usazale guztiak soldata berdina eduki dute. Garai haietan, XIX mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran, liskarrak eta enfrentamenduak ugariak izaten ziren usazale eta ehiztarien artean. Honen soluzio gisa, 1906. Urtean, bertako jabeek eta usazaleek, arautegi bat sortu zuten bertako funtzionamendu eta giroa erregulatu eta hobetzeko.
Salmentak
Usategiaren historian zehar uso gehien erosi duen jendea Lapurtarrak izan dira, eta batez ere Sarako herritarrak. 1873an, 241 dozenatik, 182 Saran saldu ziren. Hemeretzigarren mendean, Donostiako Real Sport Club-ek, Etxalarko sarean harrapatutako tortoila eta txolomak eramaten zituen, jaurtitzaileentzako entretenigarri. Inguruko hiriburuetara ere asko saltzen zen.
Beti ere bizirik edo hilak zeuden desberdintzen zen. Gaur egun erostunak berdintsuak izaten jarraitzen dute; lapurtarrak, jatetxe famatuak, erreklamo ehiza motarako, eta abar. Hauen prezioak bizitzaren eboluzioarekin batera, igotzen joan dira.
Hauek izan dira historia zehar izan dituzten prezio batzuk; 1852an uso pare batek (hilak) 14 erreal vellon, 1920an uso bizi batek 7 pzta balio zituen, 1978an berriz uso bizi batek 1500 pzta balio zituen eta hildako batek 275 pzta, 1984an biziak 3300 pzta eta hilak 800, eta horrela gaur eguneko prezio arte.
Errentak
Liskarrak sortzen zituen bertze gai bat, Sarako herriari ordaindu beharreko errenta izaten zen, nahiz eta orokorrean harremanak giro onekok izaten ziren. Sareaz aparteko tresneria, trapak, eta lanbidea, Sarako lurraldean egiten zenez (eta egiten da), urtero errenta ordaindu behar zen.
Ordainketa bi herrien arteko mugan gelditzen den Nabarlasa mendian egiten zen, bai dirutan edo usotan. Hauetaz aparte bi sareen errentak, Monua eta Fortunarenak, ordaindu behar izaten ziren, Saratarrenak baitziren. Hauek kasu gehientsuenetan diruz ordaintzen ziren; 1863an 54 franko ordaindu ziren. Urtetik urtera igoerak izaten ziren eta ez nolanahikoak.
Hauek Etxalarko jendea haserrarazten zuen, eta eztabaidak sortu ere. Historian zehar, lan akordio (1826an) eta hitzarmen ugari sinatu ziren usategien funtzionamendurako. Salmenta kontuek ere, Sara eta Etxalarkoen artean liskarrak sortzen zituen. Momentu batetan, Etxalarko usategiak eskopetako ehiza-toki bat bihurtzekotan egon ziren ere.
Zorionez ez zen horrelakorik gertatu eta gaur egun 1984n sinatutako hitzarmena indarrean jarraitzen du. Errenta berriz gaur egun, harrapatzen denaren arabera ordaintzen da eta ez dira sortzen aitzinako eztabaidak.
Gainera gaur egun Sara eta Etxalarko herrien arteko urteko hitzarmena sinatzearen ekitaldia Lizaietako gainean ospatzen den besta Usategietako Tradizioaren bestaren barnean egiten da. Ospakizun hau Irailean izaten da uso denboraldia hasi aitzinetik.
Herria
Urteak aitzinera joan ahala Etxalarko herriak usategietan gero eta garrantzi handiago hartzen joan zen; urte batzuetan Sarako herriari ordaindu beharreko errenta ordaintzen lagundu zuen.
Aurreko urteetan, herria eta usategien artean harreman kaxkarrak izaten zen, ehiza-toki hau pribatua baitzen. Hala ere bertan Guardia zibila edo ehiztariekin sortzen ziren istiluetan, udalak beti usazalearen alde jotzen zuen.
Azkenean, usategietako elkarteko kideek, sortzen ziren eztabaidak eta liskarrak ikusita, udalera jo zuten laguntza eskatzera. Ordutik gaur arte, udala izan da usategietako eskopeta ehizako postuen arduraduna.
Eskopetak
Usategien histori guztian zehar eskopetako eta sareetako ehiza, nahiz ehiza mota oso desberdinak izan, betidanik elkar bizi egin dira. Usategietako historian, eskopeta ehizari buruz bi bereizketa egiten ahal dira. Batetik 1932 aitzineko garaia eta bertze aldetik 1932 ondokoa.
Lehen garaian, bertan eskopetarekin ehizatzeko, Gazteluren baimena eduki behar zen. Beti bezala, istiluak sortzen ziren ehiztari eta sareen jabeen artean. Nahiz eta funtzionamendu legedi bat izan, ehiztari batzuentzat hau ez zen existitzen.
Bigarrengo garaian berriz gauzak hobekiago joan ziren. Udalak ordu ezkero Lizarrieta eta Gaztain lepo bitartean dauden postuen ardura dauka eta zozketa sistemaren ordez enkantearena ezarri zuen. Gaur egun dena berdin doa eta urtero bezala Iarmedira hurbiltzen den ehiztari kopurua nabarmena izaten da.



Ospakizunak
Usategietako igandea
Urriaren hirugarren igandean, “Usategietako igandea” bezala ezagutzen den Herriko ospakizun zaharrenetako da. Aitzinean besta hau usategi ingurutan ospatzen zen. Gaur egun eta badira urte mordoa, besta hau herrian ospatzen da.
Ezkerreko irudian usategietako bisita gidatu bateko taldea.


Usategietako tradizioen besta
Ospakizun hau nahiko berria da. Lehen edizio 2013an izan zen eta ordu ezkero urtero ospatzen da Lizaietako gainean, usategietako denboraldia hasi aitzineko azken aurreko igandean. Ospakizun hau Sara eta Etxalarko herrien arteko usategien hitzarmenaren sinaduraren inguruan sortutako da.
Egun honekin, egun guziko egitaraua antolatzen da. Goiz partea izaten da ekitaldi aldetik ugariagoa. Lehen ordutik hasita era desberdinetako ekitaldiak daude bisitarientzat; Artisauen erakusketa eta salmenta, Usategien erakusketa, paleta egite erakusketa, tresna zaharren erakusketa eta haurrentzako aisialdia.
Goiza aitzinera egin ahala, bota-luze partida baten erakustaldia izaten da Etxalarko eta Sarako herritarren artean eta ondotik euskal Pirineotan dauden usazaleen arteko makila jaurtitze txapelketa ospatzen espresuki honetarako prestatutako trepa batetik.
Eguerdi partean, astean zehar sinatutako Etxalar eta Sarako herrien arteko hitzarmenaren berrestea egiten da jendearen aitzinean. Ondotik, herri bazkaria aitzinetik, ekitaldi kulturalaren bat antolatzen da .
Besta eder honi, bazkari eder eta ondoko animazioarekin (Dantzak, kantariak, musika…) bukaera ematen zaio.
Ekitaldi honen antolaketa, Etxalar eta Sarako usazaleek egiten dute herri bakoitzaren udala eta ostatuen laguntzarekin batera.
Usazaleen besta
Duela urte batzuk, ehiza mota tradizionalean ehizatzen duten herrietako usazaleen arteko adiskidetze bazkaria ospatzen da sasoia bukatzen denean.
Urtero herri desberdinean egiten da. Bazkari honetara 10 herri desberdinetako usazaleak biltzen dira; Aldude, Gatagorena, Lantabat, Lanne, Lekunberri, Olobi, Oskitx, Napal, Sara eta Etxalar. Izen hauek, usategiak dauden herrien izenak dira eta Lanne ezik, bertze guztiak ipar euskal herrian kokatuta daude. Etxalarkoa berriz hegoaldeko usategi bakarra da.
Urtero uso gehien eta gutxien harrapatu duten usategiei, sariak ematen zaizkie.
- Kontaketak: www.palombe.com

Bisita gidatuak
Usategiak:
Sarezko uso harrapaketa tradizionala ezagutzeko ibilaldia. Urria eta azaroko asteburu eta besta egunetan
Informazio gehiago hemen
Tel. 690 26 77 56
(Ezinbestekoa da aurretik telefonoz geratzea)
